Arnasguneen astea, gaurtik aurrera Egunean Behin jokoan

Euskararen arnasguneak, udalerri euskaldunak, euskararen arnasguneen garrantzia nabarmendu nahi duen Arnasa gara kanpaina eta honen baitan sortu den Kartzela serie digitala izango dira protagonista aste honetako Egunean Behin jokoan.

Irailaren amaieran eman zitzaion hasiera Arnasa gara kanpainari. Arnasguneek euskararentzat eta Euskal Herriarentzat duten garrantzia nabarmentzea da kanpainaren helburua, herritarrek horren kontzientzia har dezaten.

UEMA eta 3ko Ituna (Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskararen Erakunde Publikoa) dira kanpainaren sustatzaile nagusiak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien laguntzarekin eta kanpainan parte hartzen ari diren 22 udalerrirekin batera. Kanpainaren lehen fasean, udalerri euskaldunetako herritarrei helarazi nahi izan zaie mezua, eta horretarako 22 ekitaldi egin dira. Kanpainaren bigarren fasean, berriz, gainerako euskal herritar guztiei emango zaie arnasguneen garrantziaren berri. Horretarako, pasa den ostiralean Durangoko Azokaren egitarauaren baitan aurkeztu zen Kartzela serie digitala izango da bitarteko nagusia.

Hiru Damatxok ekoitzi duen Kartzela serie digitala gaurtik aurrera izango da ikusgai kartzela.eus webgunean, eta baita EiTBren Nahieran plataforman ere, aste osoan zehar. Egunean Behin jokoan ere, aste honetan izango dira gaiarekin lotutako galderak.

Euskara sustatzea eta euskal kultura ezagutaraztea da mugikorreko ‘Egunean behin’ jokoaren helburua. CodeSyntax enpresak garatu du aplikazioa, eta martxoan argitaratu zuenetik etengabe gora egin du eguneroko erabiltzaile kopuruak. Pasa den astean, esaterako, 50.000 erabiltzaileren muga gainditu zuen. Erabiltzaileek tribial moduko hamar galdera erantzun behar dituzte egunero.