ARNASA GARA EKIMENAK ANTOLATUTAKO LEHIAKETAK ARRAKASTA HANDIA IZAN DU, ETA GUZTIRA 99 LAN AURKEZTU DITUZTE.
➢ Helburua arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetako 10-16 urte bitarteko gazteen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egitea izan da.
➢ Sari banaketa ekitaldia urriaren 28an egingo dute Amasa-Villabonan, arratsaldeko 18:00etan; sariak banatzeaz gain, sorpresa ugari izango dira.
Arnasa Gara ekimenak antolatutako ARNASETIK bideosormen lehiaketak erantzun aparta jaso du: guztira 99 lan aurkeztu dituzte euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteek. Arnasa Gara UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz.
Ikusi jasotako lanak: https://arnasagara.eus/jasotako-lanak/
Lehiaketaren helburua bikoitza izan da: alde batetik, arnasguneetako ikastetxeetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteek euren sormena lantzea; eta bestetik, arnasguneetako hizkuntza-ohituren inguruan gogoeta piztea. Adinaren arabera hiru kategoria zehaztu dira, kategoria bakoitzean aurkeztu beharreko lanak ezberdinak izanik: adibidez, LH 5. eta 6. mailako ikasleek LHtik DBHra eman beharreko jauzian etorkizun hurbilean aurkituko dituzten egoera berriak islatu behar izan dituzte haien sormen lanetan, formatu librean (marrazkia, bertsoa, poema, bideoa, abestia…). Izan ere, arnasgune gehientsuenak udalerri txikiak dira eta bertako ikasleek inguruetako ikastetxe handiagoetara jo behar izaten dute DBH mailako ikasketak egitera. Guztira, 40 lan aurkeztu dituzte kategoria honetan.
DBH 1-2 mailan, aldiz, 52 lan aurkeztu dituzte. Hauen egitekoa izan da bideo-tutorial bat egitea youtuber estiloan, Julen Portillo youtuberraren bideo bat eredu hartuta.
Bukatzeko, DBH 3 eta 4. mailako ikasleek Hiru Damatxok ekoiztutako bideo baten protagonistaren galderei erantzun behar izan diete, elkarrizketa bat irudikatu behar zuen formatu batean. Orotara, 7 lan ondu dituzte DBH 3 eta 4ko ikasleek.
Bideosormen lehiaketaren sari banaketa urriaren 28an egingo da Amasa-Villabonako Gurea antzokian, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Bertan, 2.000 euro banatuko dituzte saritan. Kategoria bakoitzeko lan onenari eta publikoaren sariaren irabazleari 500 euroko sari baliokide bana emango zaie, eta sari hori trukean erabili ahal izango dute Irrisarri Land-erako sarreretan, Durangoko Azokako denda birtualean edo EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean gastatzeko. Sari banaketaz gain, sorpresa ugari ere izango dira Gurea antzokian; besteak beste, Sara Alonso musikariaren emanaldia.