“Arnasetik” bideo sormen lehiaketak jasotako lanen errekor berria ezarri du

Arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetako 10-16 urte bitarteko gazteek hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eginez formatu ezberdinetan landu dituzte pieza ezberdinak.

Arnasetik bideosormen lehiaketaren sari banaketa ekitaldia azaroaren 22an izango da 18:00tan, Zarautzeko Modelo Aretoan, Nahia Silleroren gidaritzapean.

 

Arnasa Gara ekimenak antolatutako “Arnasetik” bideo sormen lehiaketak 2022ko ekitaldi arrakastatsuan jasotako lanen kopurua hobetu eta 112 sormen lan berri jaso ditu. Euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetako  10 eta 16 urte bitarteko ehunka gaztek hartu dute parte Arnasa Gara UEMAk, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin sustatutako egitasmoan. Bertan, irudi, soinu edo ikus-entzunezko formatuetan euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea bilatzen da, hauek euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz.

 

Hiru kategoria adinaren arabera

Lehiaketaren helburua bikoitza izan da: alde batetik, arnasguneetako ikastetxeetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteek euren sormena lantzea; eta, bestetik, arnasguneetako hizkuntza-ohituren inguruan gogoeta piztea. Adinaren arabera hiru kategoria zehaztu dira, kategoria bakoitzean aurkeztu beharreko lanak ezberdinak izanik: adibidez, LH 5. eta 6. mailako ikasleek beraien herriak nolakoak diren azaldu beharko dute, bertan zer egin daitekeen eta, garrantzitsuena, zergatik diren egokiak euskara maila hobetzeko azalduz. Bideo promozional bitartez edo formatu librean (marrazki, olerki, bertso, bideo, abesti…). Guztira 34 lan jaso dira kategoria honetan.

DBH 1. eta 2. mailako kategorian aldiz, 63 lan jaso dira. Ikasleen zeregina bertan beraien herrietako esamolde berezienak eta beraien esanahia umorezko bideo baten bitartez azaltzea izan da. Arnasguneetan entzun daitezkeen euskalkiak balioan jartzeko ariketa izan da hau, euskararen aniztasuna agerian utzi nahi duena.

Azkenik, DBH 3 eta 4. mailako ikasleek Nahia Sillero eduki sortzailea eredu izanik bideo bat sortu behar izan dute, euskal kultura, musika eta ekimenak balioan jarriz. Orotara 15 lan jaso dira kategoria honetan.

Ikusi jasotako lanak: https://arnasagara.eus/jasotako-lanak-2023/

 

Sari banaketa ekitaldia Zarautzen

“Arnasetik” sormen lehiaketaren sari banaketa azaroaren 22an egingo da Zarautzeko Modelo Antzokian, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, eta lehiaketaren erronketako bat jarri duen Nahia Sillero aktore eta eduki sortzailea izango da ekitaldiren aurkezlea. Bertan, 2.000 euro banatuko dituzte saritan. Kategoria bakoitzeko lan onenari eta publikoaren sariaren irabazleari 500 euroko sari bana emango zaie, eta sari hori trukean erabili ahal izango dute Irrisarri Land-erako sarreretan, Durangoko Azokako denda birtualean edota EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean gastatzeko. Sari banaketaz gain, sorpresa ugari ere izango dira Modelo Antzokian; besteak beste, Julen musikariaren emanaldia.

Informazio gehiagorako: www.arnasagara.eus webgunea.