Zabalik da Arnasetik lehiaketaren bozketa-fasea

Arnasetik lehiaketako bideo gustukoena bozkatzeko epea zabalik da azaroaren 15era arte. Arnasa Gara ekimenak hirugarren urtez abian jarri duen Arnasetik bideosormen lehiaketak inoizko parte hartze handiena izan du. 260 bideo lehiatuko dira aurtengo txapelketan.

UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak sustatutako txapelketa, 10 urtetik 16 urtera bitarteko gaztei zuzenduta dago. Lehiaketa hiru kategoriatan banatzen da: LH 5. eta 6. maila, DBH 1. eta 2. maila eta DBHko 3. eta 4. maila. Kategoria bakoitzean, ikasleek erronka bati erantzun behar izan diote beren bideoetan. Hala nola, herriko txoko bereziren bat erakustea, herriko festen edo egun berezien inguruko prestaketak azaltzea edo kazetari lanak egitea.

Lau sari izango dira, kategoria bakoitzeko bat eta publikoarena. Kategoria desberdinetako irabazleak epaimahai batek aukeratuko ditu. Publikoaren saria webguneko bozketa bidez erabakiko da. Dagoeneko zabalik da bozketa-epea, azaroaren 15era arte. Sariak 500€ko opari-txartela izango dira. Besteak beste, IrrisarriLand, Gure Zirkua, Durangoko Azoka, ihes gela desberdinetarako sarrerak edo EITBko Goazen! eta Irabazi Arte! telesailen merchandising produktuetan gastatzeko. Proiektu honen xedea da gazteek udalerri euskaldunek euskara eta euskal kulturari egiten dioten ekarpenari buruz gogoetatzea, euren eguneroko errealitatea harrotasunez kontatzeko aukera emanez eta beraientzat atseginak diren ikus-entzunezkoen bitartekoen bidez euskarazko sorkuntza sustatuz.