Arnasguneetako gazteen sormena saritu dute jendetza artean Arnasetik lehiaketaren sari banaketan

Arnasetik bideosormen lehiaketaren hirugarren edizioari amaiera borobila eman zaio bart, azaroaren 28an, Bergarako Seminarixoa aretoan ospatutako sari banaketa ekitaldiarekin. Arnasetik, UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako Arnasa Gara ekimenaren barruan kokatzen da eta euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena pizteko eta euren hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragiteko helburua du. Arnasa Gara proiektuaren xedea euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea da, euskararen biziberritzeari egiten dioten ekarpena nabarmenduz.

250 pertsona baino gehiago bildu ziren bart Arnasetik lehiaketaren sari banaketan Bergaran. Amaia Ruiz de Galarreta eta Esti Curielek gidatutako ekitaldian, UEMA, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Bergarako Udalaren ordezkariek guztira sei sari banatu zituzten. Kategoria bakoitzean, epaimahaiak hautatutako lanik onenak, 500 euroko saria jaso zuen (guztira hiru). Horrez gain, balio bereko publikoaren saria ere banatu zen, bozketa bidez hautatua. Bergarako Udalak, gainera, herriko lanik onenak saritu nahi izan zituen, eta 250€ko sari bana eman zien herriko bideo irabazleei.

Kategoria bakoitzeko bideo onenaren sariei dagokienez, LH 5-6 kategorian, Martin Aramendi UEMAko lehendakariaren eskutik, Berriatua HLHI ikastetxeko ikasleek jaso zuten saria Elizpeko Arbola bideoagatik. Bergarako Udalak, kategoria honetan lehiatutako herriko bideo onena ere saritu nahi izan zuen eta Txokorako Bidean lanarengatik Aranzadi Ikastolako ikasleek jaso zuten Eider Usobiaga Euskara Arloko Zinegotziaren eskutik saria.

DBH 1-2 kategorian, Paula Kasares Nafarroako Gobernuaren Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariaren eskutik, Azkoitia BHI ikastetxeko ikasleek jaso zuten saria Gabon Maiteak bideoagatik.

DBH 3-4 kategorian, Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako  sailburuordearen eskutik, Ondarroa BHI ikastetxeko ikasleek jaso zuten saria Leokadi lanagatik. Bergarako Udalak, kategoria honetan lehiatutako herriko bideo onena ere saritu nahi izan zuen eta Nor Miresten duzu zuk? lanarengatik Mariaren Lagundia Ikastolako ikasleak izan ziren sarituak.

Publikoak bozka bidez hautatutako bideo onenaren saria, berriz, Zaldibiako Lardizabal Herri Eskolako Txokorako Bidea bideoak irabazi zuen.

Sari hauek, besteak beste, IrriSarri Land, Gure Zirkua, Durangoko Azoka, ihes gela desberdinetarako sarrerak edo EITBko Goazen! eta Irabazi Arte! telesailen merchandising produktuetan gastatzeko bonuak dira. Aurtengo edizioan, epaimahaiak inoiz baino lan zailagoa izan du irabazleak hautatzerako garaian, izan ere hirugarren edizio honetako parte hartzea inoizko handiena izan da.