Arnasguneetako gazteei zuzendutako Arnasetik lehiaketaren IV edizioa martxan da

Aurten ere Arnasa Gara ekimenak ARNASETIK bideosormen lehiaketa antolatu du euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena eta euren hizkuntza ohituren eta herrien inguruan gogoeta pizteko. Arnasa Gara UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz. 2024ko edizioan 260 lan jaso zituen ekimenak eta 4.200 bozkatik gora.

Lehiaketan, euskararen arnasguneetako ikastetxeetako ikasleek, zein arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleek hartu dezakete parte banaka edo lagunartean. Haien egitekoa euskarari lotutako istorioak kontatzea izango da bi minutuko ikus-entzuneko lanen bidez, eskatutako erronkari erantzunez.

Hiru gai nagusi

Aurreko edizioetan bezala, ARNASETIK lehiaketaren aurtengo edizioa ere adinaren araberako hiru kategoriatan banatzen da. Kategoria bakoitzean erronka ezberdinei erantzuna emateko bideoak aurkeztu beharko dituzte gazteek. LH 5. eta 6. mailako ikasleek gurasoek eta aitona-amonek herrian esaten zituzten esamoldeak bilatu eta  gaur egungo baliokideak aurkitu edo asmatu beharko dituzte.

DBH 1. eta 2. mailetako ikasleak Arnasgune batean sartzeko casting batera aurkeztuko dira eta ia dena  euskaraz egin daitekeen herri batean bizitzeko arrazoi nagusiak azaldu beharko dituzte.

Azkenik, DBH 3. eta 4. mailetako ikasleek pentsatu beharko dute haien herria utzi beharko balute ea zer litzatekeen gehien faltan botako zuketena.

Kategoria bakoitzak 500 euroko bonua jasoko du bai eta publikoaren sariak ere. Honakoetan gastatu ahal izango da nahi den moduan: IrisarriLand-en, Durangoko Azokan, EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean, Gure Zirkuan, etab. Gazteek beraien sormen lanak irailaren 15etik urriaren 31ra bidaltzeko aukera izango dute eta publikoak azaroaren 5etik 15era izango du epea bere bozka emateko arnasagara.eus webgunean.

Sari banaketa

ARNASETIK lehiaketaren sari banaketa Leitzako Herri Aretoan izango da, azaroaren 27an. Bertan kategoria bakoitzeko irabazleen lanak proiektatu eta sariak banatuko dira sorpresaz beteriko ekitaldi dibertigarri batean.