200 bideo baino gehiagok hartu dute parte aurtengo Arnasetik lehiaketan

Aurtengo Arnasetik bideosormen lehiaketaren laugarren edizioan  205 bideok hartu dute parte. Horien bidez, EAEko eta Nafarroako 37 udalerrik izan dute ordezkaritza lehiaketan. Eskerrik asko parte hartzaile guztiei! Bozketa faseak ere parte-hartze zabala izan du 3.580 boto baino gehiagorekin.

Sari banaketa ekitaldia azaroaren 27an izango da, Leitzako Herri Aretoan, arratsaldeko seietan. Bertan, sei sari banatuko dira. Kategoria bakoitzeko (LH 5-6; DBH 1-2; DBH 3-4) 500€-ko sari bana jasoko dute irabazleek. Horrez gain, bozketa bidez aukeratutako balio bereko publikoaren saria ere banatuko da. Sari hauek, besteak beste, IrriSarri Land, Gure Zirkua, Durangoko Azoka edo ikasbidaian gastatzeko bonuak izango dira.

Arnasa Gara ekimenak ARNASETIK bideosormen lehiaketa antolatu du euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena eta euren hizkuntza ohituren eta herrien inguruan gogoeta pizteko. Arnasa Gara UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen egoerari egiten dioten ekarpena nabarmenduz. Arnasguneak eguneroko mintzajardun arruntetan bertakoen artean euskara nagusitzen den gune soziogeografikoak (auzoa, herria, herrixka, eskualdea, harana…) dira. Arnasguneetan euskara belaunez belaun transmititzen ohi da familia gehienetan (gurasoen eta haurren artean); eta euskaraz mintzatzeko arau sozialak du indarra.