Arnasetik bideo sormen lehiaketan V. edizioa abian da!

Aurten ere Arnasa Gara ekimenak ARNASETIK bideosormen lehiaketa antolatu du, euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena eta euren hizkuntza ohituren eta herrien inguruko gogoeta pizteko. Arnasa Gara UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz.

Lehiaketan, euskararen arnasguneetako ikastetxeetako ikasleek, zein arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleek hartu dezakete parte, banaka, lagunartean edo ikaskideekin batera. Aktore lanak edo bideo grabazio eta edizioa gustuko dituztenentzako aukera bikaina da, euren gaitasunak erakusteko eta sormenaren bidez istorioak kontatzeko.

Hiru kategoria

Aurtengo edizioa adinaren araberako hiru kategoriatan banatzen da:

LH 5-6 — Dakienak, ba al daki?
“Daki ala ez daki?” lehiaketa formatuan, herriko berezitasun, esamolde eta xelebrekerien inguruko galdera-erantzunen lehiaketa egin beharko dute ikasleek herrian zehar. Lehiakideek aurkezleak egindako galderari zuzen edo oker erantzungo dioten herritarrak bilatu beharko dituzte herrian barna.

DBH 1-2 — Ongi etorria
Etorri berri den ikaskide bati, herria, ohiturak eta berezitasunak erakutsi beharko dizkiote. “Bertso Dub” formatuan, musika eta mugimendua adieraziz, nola emango liokete ongi etorria arnasgune batera etorri berri den kide bati?

DBH 3-4 — Eusle mode on
Sare sozialak egun komunikaziorako kanal garrantzitsuetako bat dira. Askotan, batek gaztelania erabiltzen duenean, nahiz eta denok euskaraz jakin, hizkuntzaz aldatzeko tendentzia izan ohi da. Honi buelta ematea izango da bideoaren helburua, ohikoa den elkarrizketa digital bat adieraziz eta euskararen erabilera sustatzeko keinuei garrantzia emanez.

Epeak

Izena emateko epea: irailaren 15etik urriaren 15era. Webgunean dagoen “Izena eman” galdetegiaren bidez eman beharko da izena.

Lanak aurkezteko epea: irailaren 15etik urriaren 30era. Behin bideoak sortutakoan, webguneko “Bideoak igo” galdetegiaren bidez bidali beharko dira.

Sariak

Guztira 2.000 € daude jokoan, 4 saritan banatuta: 500 € kategoria bakoitzeko (LH 5-6, DBH 1-2 eta DBH 3-4) eta 500 € publikoaren sarirako. Sari bakoitza opari-bonu moduan erabili ahal izango da euskarazko produktu eta esperientzietan, hala nola: Irrisarri Land, Durangoko Azoka, Goazen!/Irabazi arte!, Gure Zirkua edo Ikasbidaia.

Sari banaketa

ARNASETIK lehiaketaren sari banaketa Lekeitioko Ikusgarri zineman izango da, azaroaren 26an.