270 parte hartze baino gehiago aurtengo Arnasetik lehiaketan

Arnasetik bideosormen lehiaketaren bosgarren edizioak parte hartze handia izan du. Guztira, 270 izen-emate baino gehiago izan dira aurtengo edizioan. Horrela, EAEko eta Nafarroako 40 udalerrik izan dute ordezkaritza aurtengo lehiaketan. Eskerrik asko parte hartzaile guztiei! Bozketa faseak ere parte-hartze zabala izan du, 4.550 boto baino gehiagorekin.

Gutxi falta da sarituak nor diren jakitera emateko. Sari banaketa ekitaldia azaroaren 26an izango da Lekeitioko Ikusgarri zineman 17:30ean. Aurten, sei sari banatuko dira: Kategoria bakoitzeko (LH 5-6; DBH 1-2; DBH 3-4) 500€-ko sari bana jasoko dute irabazleek. Horrez gain, bozketa bidez aukeratutako balio bereko publikoaren saria ere banatuko da. Sari hauek, besteak beste, IrriSarri Land, Gure Zirkua, Durangoko Azoka edo ikasbidaian gastatzeko bonuak izango dira. Lekeitioko Udalak herriko gazteen sormena aitortu nahi izan du eta 200€ bi sari ere banatuko ditu.

Arnasa Gara ekimenak ARNASETIK bideosormen lehiaketa antolatu du euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena eta euren hizkuntza ohituren eta herrien inguruan gogoeta pizteko. Arnasa Gara UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen egoerari egiten dioten ekarpena nabarmenduz. Arnasguneak eguneroko mintzajardun arruntetan bertakoen artean euskara nagusitzen den gune soziogeografikoak (auzoa, herria, herrixka, eskualdea, harana…) dira. Arnasguneetan euskara belaunez belaun transmititzen ohi da familia gehienetan (gurasoen eta haurren artean); eta euskaraz mintzatzeko arau sozialak du indarra.