112 sormen lan aurkeztu dira euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte arteko gaztetxoei zuzendutako lehiaketaren aurtengo edizioan, eta asteazkenean egin zen sari banaketa ekitaldi jendetsua, Zarauzko Modelo aretoan. UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bultzatutako Arnasa Gara ekimenaren barnean antolatu da beste behin Arnasetik lehiaketa.
Adinaren araberako hiru kategoriatan banatu dira sariak, eta publikoaren saria ere egon da: Idiazabal, Azkoitia, Ataun eta Doneztebeko gazteak izan dira irabazleak.
Lehiaketaren bidez arnasguneetako gaztetxoen euskarazko sormena landu eta arnasguneetako nerabeei hizkuntza-ohituren inguruan gogoeta eragitea izan da helburua.
Arnasetik sormen lehiaketaren bigarren edizioa helmugara iritsi zen joan den asteazkenean Zarauzko Modelo aretoan antolatutako sari banaketa galan. Euskararen arnasguneetako gazte ugari gerturatu ziren bertara, asteetan zehar egindako hausnarketatik abiatuta egindako lanen emaitza ezagutzeko irrikaz.
Aurreikuspen guztiak gaindituz, lehen edizioan jasotako lan kopurua gainditu, eta kategoria guztiak aintzat hartuz jasotako 112 lanetan jarri da marka berria. Sari banaketa ekitaldia Nahia Sillero influenzerrak aurkeztuta egon da, eta besteak beste Deñe musikariaren emanaldiz gozatu ahal izan dute bertaratutakoek. Arnasetik lehiaketan arnasguneetako ikastetxeek hartu dute parte, bai eta arnasguneetako udalerri txikietako ikasleak jasotzen dituzten zenbait ikastetxe handiagok ere. Euskararen arnasguneak euskararen ezagutza eta erabilera maila oso altuak dituzten udalerriak dira. Hizkuntza biziberritzerako funtsezkoak dira, bertan modu naturalean bizi ahal delako, transmisioa ziurtatuta dagoelako eta hizkuntzaren hedapenean laguntzen dutelako.
Arnasetik Arnasa Gara egitasmoak antolatutako lehiaketa izan da. Arnasa Gara 2019an abiatu zuten elkarlanean UEMAk, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, euskararen arnasguneak hizkuntzaren bizitasunerako duten garrantzia jendarteratzeko.
Ikusi ekitaldiko argazki galeria: https://www.flickr.com/photos/arteman/albums/72177720312879786/with/53350770948/
500 euroko sariak
Zarauzko sari-banaketan, kategoria bakoitzeko lan onenek eta publikoaren sariaren irabazleek 500 euroko sariak lortu dituzte, eta sari hori trukean erabili ahal izango dute Irrisarri Land-erako sarreretan, Durangoko Azokan edota EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean gastatzeko. Hauexek izan dira sarituak:
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailen kategorian
Lana: Euskara ikasteko gomendioak
Egilea: Saoirse Zapirain Larrañaga
Tolosa – Idiazabal (Samaniego ikastetxea)
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailei dagokien kategorian
Lana: Axkottiko Epaitegia
Egileak: Azkotia bhi ikastetxeko DBH 2E
Azkoitia (Azkoitia bhi)
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailei dagokien kategorian
Lana: New Yorketik Euskal Herrira!
Egileak: Joane Contreras, June Imaz, Ihare Gorostizu eta Aiora Jauregi
Ataun (Beasain BHI)
Publikoaren Saria
Lana: Joaldunak
Egileak: Argoitz Erasun, Gaizka Santos, Iñaki Bazterrika eta Ander Mariezcurrena
Doneztebe (Mendaur DBHI)
Sari banaketa ekitaldia Zarautzen antolatu eta Zarauzko Udala galaren sustatzaileetako bat izan den heinean Zarauzko lanentzako sari banaketa berezi bat egon da. Hauek izan dira saridunak:
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailen kategorian:
“Sentitu, pentsatu, egin”, La Salle Zarautz.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. maila kategorian :
“Zarauzko kasta”, Mitxelena Ikastola.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailei dagokien kategorian:
“Xanduli Manduli”, La Salle Zarautz.
Gazteek egin beharrekoak
Lehiaketan hiru kategoria bereizi dira, adinaren arabera. Kategoria bakoitzean erronka bati erantzun behar izan diote.
- Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailetako ikasleen kategorian, formatu librean azaldu behar izan dute (marrazki, olerki, bertso, bideo, abesti…) beraien herria nolakoa den, zer egin daitekeen bertan eta, garrantzitsuena, zergatik den egokia euskara maila hobetzeko. Guztira 34 lan jaso dira kategoria honetan.
- Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. ikasmailetako ikasleen kategorian, nerabeek beraien herriko esamolde berezienak eta beraien esanahia azaldu umorezko bideo batean. Kategoria honetan 63 lan jaso dira.
- Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. ikasmailetako ikasleen kategorian, gaztetxoei Nahia Sillero influenzerraren bideo bat eman zaie erreferentzia bezala. Nahia Silleroren bideoa ikusita bideo bat modu sortzailean garatzea izan da beraien egitekoa; euskal kultura, musika eta ekimenak balioan jarriz plan erakargarri bat proposatuz. 15 lan jaso dira kategoria honetan.