Arnasguneetako gazteen talentua aitortu da Leitzan Arnasetik lehiaketaren sari banaketan

Arnasetik bideosormen lehiaketaren laugarren edizioari amaiera borobila eman zaio azaroaren 27an, Leitzako Herri Aretoan ospatutako sari banaketa ekitaldiarekin. Arnasetik, UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako Arnasa Gara ekimenaren barruan kokatzen da eta euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena pizteko eta euren hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragiteko helburua du. Arnasa Gara proiektuaren xedea euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea da, euskararen biziberritzeari egiten dioten ekarpena nabarmenduz.

Sari banaketa jendetsua

200 pertsona baino gehiagok bete dute aretoa Arnasetik lehiaketaren sari banaketan. Maria Blanco eta Malen Altunak gidatutako ekitaldian, UEMA, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Leitzako Udalaren ordezkariek guztira bost sari banatu dituzte. Kategoria bakoitzean, epaimahaiak hautatutako lanik onenak, 500 euroko saria jaso du (guztira hiru). Horrez gain, balio bereko publikoaren saria ere banatu da, bozketa bidez hautatua. Leitzako Udalak, gainera, herriko lan bat ere saritu nahi izan du oroigarri batekin.

Kategoria bakoitzeko bideo onenaren sariei dagokienez, LH 5-6 kategorian, David Anaut, UEMAko zuzendaritza batzordeko kidearen eskutik, Ikaztegietako Herri Eskolako ikasleek jaso dute saria  “Atzo eta Gaur Baliarrain-Ikaztegieta” bideoagatik.

DBH 1-2 kategorian, Javi Arakama, Nafarroako Gobernuaren Euskarabidea, Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearen eskutik, Mutriku BHI-ko ikasleek jaso dute saria  “Mutriku Arnasetik” bideoagatik.

DBH 3-4 kategorian,  Aitor Aldasoro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordearen eskutik, Amazabal BHI ikastetxeko ikasleek jaso dute saria “Leitza Herrimina” lanagatik.

Publikoak bozka bidez hautatutako bideo onenaren saria, berriz, Berriatua Herri Eskolako ikasleek irabazi dute “Erberako ume zapuk” bideoari esker.

Azkenik, Leitzako Udalaren saria Amazabal BHI-ko ikasleek jaso dute “Euskara Arnastuz” lanagatik. Saria Maider Amantegi, leitzako udal zinegotziak banatu die.

Sari hauek, besteak beste, IrriSarri Land, Gure Zirkua, Durangoko Azoka, ihes gela desberdinetarako sarrerak, ikas bidaian edo EITBko Goazen! eta Irabazi Arte! telesailen merchandising produktuetan gastatzeko bonuak dira.

2025eko edizioan 205 lan jaso dira eta publikoaren saria hautatzeko bozketa-epea 3.580 bozka baino gehiagorekin itxi da. Lehiaketan arnasguneetan dauden ikastetxeez gain, arnasgune txikietako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeek ere hartu dute parte. Hala, Euskal Herri osoko 35 udalerri inguruko ikasleek hartu dute parte lehiaketan.

 

IKUSI EKITALDIKO ARGAZKIAK HEMEN