Azaroaren 26an, Lekeitioko Ikusgarri zineman eman zaio amaiera Arnasetik bideosormen lehiaketaren bosgarren edizioari. Arnasetik, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk elkarrekin sustatutako Arnasa Gara ekimenaren barruan kokatzen da eta euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena pizteko eta euren hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragiteko helburua du. Arnasa Gara proiektuaren xedea da euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea, euskararen biziberritzeari egiten dioten ekarpena nabarmenduz.
200 pertsona baino gehiagok bete dute aretoa Arnasetik lehiaketaren sari banaketan. Iholdi Beristain eta Kimetz Etxabek gidatutako ekitaldian, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, UEMA eta Lekeitioko Udalaren ordezkariek guztira sei sari banatu dituzte. Kategoria bakoitzean, epaimahaiak hautatutako lanik onenek, 500 euroko saria jaso dute (guztira hiru). Horrez gain, balio bereko publikoaren saria ere banatu da, bozketa bidez hautatua. Lekeitioko Udalak, gainera, herriko bi lan onenak ere saritu nahi izan ditu 200 euroko opari-bonoekin.
Kategoria bakoitzeko bideo onenaren sariei dagokienez, LH 5-6 kategorian, Iratxe Lasa UEMAko zuzendaritza batzordeko kidearen eskutik, Gernikako Allende Salazar Ikastetxeko ikasleek jaso dute saria “Gure plaza, gure berba: Badaki, ala ez daki?” bideoagatik. Kategoria honetan, Lekeitioko Udaleko euskara zinegotziak, Ander Goikoetxeak, herriko lanik onenaren saria eman die Lekeitioko Herri Eskolako ikasleei “Lekeitioko Herri Eskola Potxuak” lanagatik.
DBH 1-2 kategorian, Aitziber Atorrasagasti, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko zuzendariaren eskutik, Zumaia BHI-ko ikasleek jaso dute saria “Ikasle berria Zumaiara” bideoagatik.
DBH 3-4 kategorian, Javi Arakama, Nafarroako Gobernuaren Euskarabidea, Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearen eskutik, Etxarri-Aranatzeko Andra Mari Ikastolako ikasleek jaso dute saria “Gure hizkuntza erabili, gure mundua hobetzeko” lanagatik. Kategoria honetako Lekeitioko sari onena Azkue Natura Ikastolako ikasleek jaso dute “Telefonoa eskuan eta euskara ahoan” bideoagatik.
Azkenik, publikoak bozka bidez hautatutako bideo onenaren saria, Berriatua Herri Eskolako ikasleek irabazi dute “Bazenekixen?” bideoari esker.
Sari hauek, besteak beste, IrriSarri Land, Gure Zirkua, Durangoko Azoka, ihes gela desberdinetarako sarrerak, ikas bidaian edo EITBko Goazen! eta Irabazi Arte! telesailen merchandising produktuetan gastatzeko bonuak dira.
2026ko edizioan 230 lan jaso dira eta publikoaren saria hautatzeko bozketa-epea 4.200 bozka baino gehiagorekin itxi da. Parte-hartzea % 12 igo da aurreko urtearekin alderatuta eta bozka kopurua ere igo da (% 15). Lehiaketan arnasguneetan dauden ikastetxeez gain, arnasgune txikietako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeek ere hartu dute parte. Hala, Euskal Herri osoko 34 udalerri inguruko ikasleek hartu dute parte lehiaketan.
