Aurtengo Arnasetik bideosormen lehiaketaren hirugarren edizioan inoizko parte-hartze handiena izan da. Guztira 260 bideok hartu dute parte eta EAEko eta Nafarroako 40 udalerrik izan dute ordezkaritza lehiaketan. Bozketa faseak ere inoizko parte-hartze zabalena izan du 4.200 boto baino gehiagorekin.
Sari banaketa ekitaldia azaroaren 28an izango da, Bergarako Seminarixoa aretoan, arratsaldeko seietan. Bertan, sei sari banatuko dira. Kategoria bakoitzeko (LH 5-6; DBH 1-2; DBH 3-4) 500€-ko sari bana jasoko dute irabazleek. Horrez gain, bozketa bidez aukeratutako balio bereko publikoaren saria ere banatuko da. Bergarako udalak, gainera, herriko lanik onenak saritu nahi izan ditu, eta 250€ko sari bana emango die herriko bideo irabazleei. Sari hauek, besteak beste, IrriSarri Land, Gure Zirkua, Durangoko Azoka, ihes gela desberdinetarako sarrerak edo EITBko Goazen! eta Irabazi Arte! telesailen merchandising produktuetan gastatzeko bonuak izango dira.
Arnasa Gara ekimenak ARNASETIK bideosormen lehiaketa antolatu du euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena eta euren hizkuntza ohituren eta herrien inguruan gogoeta pizteko. Arnasa Gara UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen egoerari egiten dioten ekarpena nabarmenduz. Arnasguneak eguneroko mintzajardun arruntetan bertakoen artean euskara nagusitzen den gune soziogeografikoak (auzoa, herria, herrixka, eskualdea, harana…) dira. Arnasguneetan euskara belaunez belaun transmititzen ohi da familia gehienetan (gurasoen eta haurren artean); eta euskaraz mintzatzeko arau sozialak du indarra.